XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sinestea kostatzen bazaizu ere, etxea jabearekin pertsonalki hitz egin gabe erosi nuela jakin behar duzu.

Notarioaren bulegora bere lekuan ordezkari legal bat agertu zen, zeinak tratua ixteko behar ziren baimen guztiak baitzituen.

Azkenera orduko jabearen izena ezagutu nuen, hori bai, eskrituran azaltzen baitzen.

Edo jabeena, hobeto esanda, bi anai-arreba direlako, Mariana eta Adolfo Estevez Piñeiro, eta ez dakit beste ezer eurei buruz.

Baina berdin zait, iragarkiaren testuak oraindik ere jakinmina sortzen didan arren, ez pentsa.

Konforme egongo zara nirekin ez dela saltzeko estrategiarik egokiena; edo agian bai, kasu honetan behintzat ondorio onak eman dizkie.

Bidali zuten ordezkariari ere aipatu nion gai hau, baina ihesbidea besterik ez zuen, disko arraiaduna zirudien.

Eta notarioak salerosketarako agiriaren xehetasunak irakurtzen ziharduela, broma bat egiteagatik, kexatu egin nintzen, eskritura horretan fantasma, sorgin, iratxo eta horrelakorik agertzen ez zelako.

Ikusi behar zenuen nolako aurpegiarekin begiratu zidaten biek! Atzerrian pasatu ditudan urte hauetan gailegoek umore-gaitasuna galdu egin dute ala?